309
Horrela jarduten da Gure Jainkoa. Seme hura itzultzean, diru guztia gaizki bizitzen xahutu ondoren, eta batez ere bere aitaz ahaztuta, aitak dio: ekarri bizkor jantzirik onena eta jantziozue, ipiniozue eraztuna eta jantzi oinetakoak; ekarri zekor gizendua eta hil; egin dezagun festa-otordua33. Gure Aita Jainkoak, damututa berarengana zuzentzen garenean, gure miseriatik ondasuna, eta gure ahultasunetik, sendotasuna ateratzen du. Zer prestatuko digu, uzten ez badugu, egunero berarengana joaten bagara, gure egintzez egiaztaturiko maitasun hitzak esaten badizkiogu, dena eskatzen badiogu, bere ahalguztiduntasunaz eta bere errukiaz fidaturik? Semea Berarengana itzultzeagatik bakarrik, traizio egin eta gero, festa bat prestatzen du: zer emango digu, beti haren ondoan geratzen saiatu baldin bagara?
Ez dezagun gorde, beraz, gure jardueran, egin dizkiguten irainen oroipena, jasan ditugun umiliazioena –zuzengabekoak, gizalege kontrakoak eta zakarrak izan badira ere– ez baita egokia Jainkoaren seme edo alaba batentzat, errolda bat prest edukitzea, irainen zerrenda bat aurkeztearren. Ezin dugu ahaztu Kristoren jarraibidea, eta gure kristau fedea ez da soineko baten antzera aldatzen: ahuldu daiteke, edo sendotu edo galdu. Naturaz gaindiko bizi honen bitartez, sinesmena sendotu egiten da, eta arima, gizakiaren biluztasuna, Jainkorik gabe, gogoratzean, ikaratu egiten da. Eta barkatzen du, eta eskerrak ematen: ene Jainko, nire bizitza gaixoari begiratzen badiot, ez dut handiputz sentitzeko inolako arrazoirik aurkitzen, are eta gutxiago harro: beti apal eta nahigabetua bizitzeko arrazoiak besterik ez ditut aurkitzen. Badakit zerbitzatzea dela jauntasunik onena.
Inprimatutako dokumentua noiztik https://escriva.org/eu/amigos-de-dios/309/ (2026-11-07)